Etienne Decrept

 

AMATXI

 

 

 

 

Fitxategi hau “liburu-e” bildumako alea da,
liburu elektronikoen irakurgailurako prestatua.
 
Liburu gehiago eskuratzeko:
             
http://armiarma.com/liburu-e

 

 

 

 

 

Iturria: Amatchi: pastorala kantatua: hitz neurtuz eta larriz egiña: bi-zatitan,Ettiene Decrept. RIEV, 84-133 o., 1914.

 

http://klasikoak.armiarma.com/

 

Egileari buruzko informazioa:

       http://zubitegia.armiarma.com/egileak/00579.htm

 

 

AMATXI

 

PASTORALA KANTATUA.
HITZ NEURTHUZ ETA LARRIZ EGIÑA,
BI ZATHITAN.

 

       Teatriak erakhusten dauku: Exkerretarik, agertokiaren hastetik eta gibelerat, ostatu handi baten aitziñ-aldia; hunen luzetasun guzian kapena bat arrosaz eta mahats aihenez estalia. Etxe zolako bi salak argituak dire bi leiho zabaletarik: Lehena da sukaldia; bertzia sal-erosteko, edateko, tabako eta supixtekuen tokia. Bien artian ezkaatza. Hunen argamasari bizkarrez, leihotik ageri da baxerategi dirdirant bat.

       Lehenbiziko estajan, etxiaren luzetasun guzian, bada zurezko balkoin bat zoñetarat idekitzen baitire geletako athiak. Bigarren estajan eta hegastegitik beheraxago sellaruko leihua, eta hunen bi sahetsetan usotegiko zillo, hirur xokodunak. Leiho horren azpian etxiaren erakutskia:

       Ongi Ethorri: Jaterat eta edaterat izanen duzue.

       Hitz haukien bazterrian eta paretan tintatuak, beltxez, pipak, botillak eta basuak.

       Kapenak badauka agertokiko zabaltasunaren erdia.

       Bi mahañ lerro ibeñiak daude azpian.

       Eskoñetarik, hejako aintziñ aldia eta etxoletakuenak. Harrasi aphal, errexki ixtapeka ditaken bat, doa agertokiaren aintziñetik gibeleraño, xuxen, han kapena itzulikatzen du eta baratzen da athelada batian, zointarik baita barrokiko sar lekhua. Harrasi horren erdian gereta zabal bat, hejalat heltzeko, harrasia ixtapekatu gabe. Hejaren eta etxiaren artian, pillota plaza ttiki baten luzamena. Plazaren pareta egiten du etxe zahar baten bizkarrak.

       Bidexka bat, gibeleko harrasiaren parrian iragaiten da lehenik, gero, oiherki, plaza ebakitzen du, hejaren gibelian gordetzeko: Ager ditake, haratago, haritz floka baten ondotik, azkenik etxe multzo batek eta elizik arras estaltzeko. Urrunago, bi zurtxuri eta haltz lerroren artian; baratxe aintziñatzen da urhandi urdiñ eta garbi bat. Arras urrun: Mendiak.

 

 

Hitzkariak

 

AMATXI: (Gaxuxa) ostalersa, 32 urthe.

MAIDER: Amatxiren alabatxia, 18 urthe.

KATIXA: Maiderren ama (farnesiatua) — Amatxiren ahizpa zaharrena, 42 urthe.

KLARA: Kongregazioneko nexka, 20 urthe.

EMAZTE BAT.

BIGARREN EMAZTIA.

NEXKATTO BAT.

OSTATUKO SEHI BAT.

XALBAT: Zurgiñ nausia, 28 urthe.

PATZIKU: (Aise) Amatxiren anaia (Xantria), 50 urthe.

SANSIN: (Llarru), Maiderren aita; ostaler ohia, 50 urthe.

ZURGIÑ LANGILLE BAT.

Emazteki eta gizonak. Proasioneko gizon gazte aphainduak. Kongreganistak, haundi eta ttiki. Muttiko eta nexkatto xuriz jauntziak. Betterrak. Xirolari, gaitari, atabalari eta trunpetariak.

 

 

ZATI LEHENA

 

Gerthakaria gure denborakua da:
Besta Berri Oktaban, Laphurdin iragaiten dena.

 

 

AGERRALDI LEHENA

 

       Emazte eta nexkatxa batzuek hari dire aldare baten aphaintzen hejari buruz, bañan bide-aldetik; beraz, ez dire aldariaren sahetsa eta zenbeit adar lore baizik ageri. Aldariaren gibelian ibeñirik dagon oihal gorria itzultzen da hejaren aintziñeko pareterat, bi metraz.

       Erdiko mahañian musian hari dire laur gizon. Bertze batzuek beha dagozkote. Mahañ guzietan dafallak, basuak, botilla hutsak, kikerak, barrejaturik. Ezagun da jende hañitz hor bazkaldu dela. Sehiek alxatzen dituzte traste guziak eta sukalderat erematen: Zaluki badabillza.

       Teatreko estalkia alxatzen delarik, emaztiak mulxokatu dire kongregazioneko nexka gaztienekiñ, aldariaren aldian.

 

Kantatzen dute batian.

 

GIZONEK ETA SEHIEK OSTAUAN:

              Lehen partida debruak gandu.

ZENBEITEK:

              Ttiki hortarat jo ezpazindu

              Falsua etzuten irabaziko,

              Nahiz duketen sobera joko.

DENEK:

              Lehen partida debruak gandu.

XALBATEK:

              Huni-Xemartiñ. Gazen zuhurki.

PATZIKU:

              Biak inbido!

XALBAT:

                                 Biak iduki.

 

EMAZTIEK ETA NEXKEK ALDARE AINTZINIAN:

              Aldare hunek ixur'ona du.

ZENBEITEK:

              Ganden urtekua ginduen zaindu,

              Bañan Amatxik emanikako

              Unziek dute hau edertuko.

DENEK:

              Aldare hunek ixur'ona du.

EMAZTE BATEK:

              Ausarki lore emozute ba.

BIGARREN EMAZTIAK:

              Denak gan dire.

EMAZTE BATEK:

                                      Nun dut alaba?

 

       Exkerreko kantariak ixiltzen dire eta karteri jarraikitzen. Eskoñekuak, aldiz, aintziñatzen dire erdirat. Kantatzen ez duten batzu bakharrik gelditzen dire aldariaren aintziñian.

 

NEXKATTO BAT:

              Hemen naiz, hemen.

EMAZTE BAT:

              Baratze hortan baditun, omen,

              Arrosa xuri ikhusgarriak.

              Bill'atziñ zalu.

NEXKATXA: (haurrak erakusten dituelarik)

                                  Kantu berriak

              Behar nituzke errepikatu...

       Maider agertzen da ostatuko athian.

 

 

BIGARREN AGERRALDIA

 

Berak — Maider

 

MAIDER:

              Gure kapenan billduko ditu.

              Zato, Janeta...

       Nexkatxa hurbilltzen da eta kapenatik hartzen ditu arrosak.

MAIDER: (nexkattueri)

                                     Zatozte denak,

              Eta har hosto atzo emanak.

       Nexkattuak elgarri pusaka edo egosiaka mulxatzen dire Maiderren aintziñian eta hedatzen dituzte beren hostuak.

       Maiderrek bere manamenduko xiriarekiñ jotzen du neurri bat, hutsik.

       Nexken gurguri hirritsua entzunen da.

MAIDER: (narrizki)

              Ixil zaudezte. Segi xiri hau.

              Orai kasu: Bat! Bia! Hirur! Lau!

NEXKEK:

              Jesus on illki zauku aldare barnetik,

              Bere haurren erdian gozatziagatik.

              Lehengo denboretan, nausien nausia

              Bardiñ gure arterat hola zen jautsia.

                     Zer mirakullua!

                     Lur huntan zerua

                     Hor dugu egun.

                     Jainkoak ekharri

                     Bozkario hori

                     Kanta dezagun.

       Sartzen dire, haizia bezala, dozena bat nexkatxa, Maiderren adiñsuak, eta, hau bezala, xuriz aphainduak.

 

 

HIRURGARREN AGERRALDIA

 

Berak — Klara — Nexkatxak

 

KLARA: (Maider besarkatzen duelarik)

              Kantu bat badugu zuretzat guk ere.

MAIDER: (hirriz eta baztertzen delarik)

              Xoro ez bertzena!

NEXKATXEK: (alegia narriotuak, inguratzen dute Maider eta buruz jauresten, kantatzen dutelarik)

              Herriko lore

              Bereziena,

              Ethorri gare

              Xuxen xuxena,

              Lehen bai lehen,

              Etxe huntarat,

              Erregiñaren

              Lausengatzerat.

MAIDER: (hirriz, xoroki)

              Xoratu zaizte...

NEXKATXEK:

              Sasi denetan,

              Erran daukute

              Xoriek betan:

              Beiala zuazte!

              Maiderrek badu,

              Gaur ekharria,

              Mantaliñ pondu

              Xoragarria.

MAIDER:

              Bai! Amatxiren emantz berria.

       (sehi bati)

              Indazu hunat Maria...

NEXKATXEK:

              Maiderrek badu,

              Gaur ekharria,

              Mantaliñ pondu

              Xoragarria!

MAIDER:

              Xoragarria...

       Sehiak mantaliña ekharri du eta, hartaz, Maiderri bere adixkidiek estaltzen diozkate burua eta sorbaldak, hirriz hari delarik.

NEXKATXEK: (eskuak tinkaturik)

              Beha zazue: Dantela fiñez

                     Egiña denez!

              Beha zazue: Ama birjina

                     Ez den hau, dena!

MAIDER: (gero eta gihiagoka hirriz)

              Xoratu zaizte...

NEXKATXEK:

              Sasi denetan Erran daukute...

MAIDER:

              Xoratu zaizte!

NEXKATXEK:

              Xoriek betan:

              Beiala zuazte...

MAIDER:

              Xoratu zaizte!

NEXKATXEK:

              Maiderrek badu,

              Gaur ekharria,

              Mantaliñ pondu

              Xoragarria.

MAIDER: (batian)

              Bai! Amatxiren

              Emantz berria.

KLARA:

              Nahiz dabillkan bisai gohorra,

              Amatxik ez du bihotz idorra.

MAIDER:

              Ezagutzen bazindute

              Harriturik zindauzkete.

       (Ixiltze bat.)

MAIDER: (ezti eta arraiki)

              Amatxiren bihotza

              Beretzat da borthitza.

              Ez du ikhusten gaitzik

              Dakharkiguna baizik.

              Hola, alabatxiak

              Dituen miñ ttikiak

              Bethi agertzen zaizko

              Amatxik jasaiteko...

              Etzautzue hoi bitxi?

              Zoin ona den Amatxi!

NEXKATXEK:

              Zuk baituzu merexi...

       Berrogoi eta hamar urthetako gizon gorrast, gizen, hartzi bat, athorra mahunka has, gerrikua dilindan, agertzen da ostatuko athian: Xanxiñ da.

 

 

LAURGARREN AGERRALDIA

 

Berak — Xanxiñ

 

XANXIÑ: (airepuskan) Ongi errana! Nik ere uste dut emantz bat pollita egiñ niola, Xileratekuan, Amatxiri, alabatto hau haren eskuetan utzirik.

KLARA: Ziñez! Handik itzulzian egiñ zindiona baño, zure presuna maitagarria emanez.

MAIDER: O! Klara!

XANXIÑ: (nasaiki) Zer nahi duzu erran, haur ederra?

KLARA: Hemen egiten duzunarentzat... han egon zintazkeela.

MAIDER: Ikhus! Ikhus!

KLARA: Horren alde jartzen zare... zuzen da. Zure aita delakotz. Bañan, ez dautazu zinzurrian sarraaziko behiñ errekarat uzkalli eta berritz ere uzkalliko zaituztela, ezpauzue etxetik urruntzen.

XANXIÑ: Uzkalli? Uzkalli? Laster errana da. Eziñ bertziak egiten du gure ohia. Batzuenzat bezala, estropua ene alde gertatu balitz... ahurka erabilliko nituen unza urhiak... Purrustaka!

KLARA: Prat! Aski zinduen lanari lotzia, eta ez bestari.

XANXIÑ: Lanari, ni? Zertan zabillza? Lanian hari den ostalerik othe da nihun?

MAIDER: (eztiki) Amatxi hari da.

XANXIÑ: (sorbaldak alxaturik) Emazte bat delakotz. Ongi atxikia den ostatuko jabiak ez du bertze egiñbederik, heldu direneri atsegiñ egitia baizen. Hekiekiñ behar du jan, edan, musian hari, hizketan ere, noiz nola, asarratu gabe, eta azken hitza pagatzalleari utzi. Bertzalde, behar ditu izan janbide eta edanbide gaitzak, eziñ ase ditazkenak... eta kaskua berotzen bazajo ere ezdu galgarri behar. Nola nahi duzu talendu hoik guziak ardiets detzan, bertze lanetan hari bada? Ez, haur maitia: Aphal lezake bere burua, ostalerak, lanari jarraikiz. Herri bakotxian diren handienekiñ dabillanak behar du bere errunka atxiki, bera ere handienetarik baita.

KLARA: Iduriz bederen... eta tirriaz.

XANXIÑ: Horrek ikhusterat ematen dautzu, hiri handi batian izatu banintz eta ez hamabortz ehun arimetako sasi huntan, ene fortuna egiñen nuela eta haukiena ere. — Nik, bihotz zabala baitut, ene ahidiak gozoki biziaziko nituen... nik... bai andre... besta egiñez eta alfer egonez.

       Kantatzen du.

              Ba! Ni naiz ostalerra!

              Airos, gizen, gothorra.

              Jale, lizun; jokolari,

              Hordi eta alferra.

              Iruzki lausengu batek

              Gorritu daut sudurra.

              Gerriko gañetik gantzak

              Zartarazi athorra!

              Urhats guti derabillzkat

              Gohor baitut hezurra.

              Bañan —gizon zuhurra—

              Hoberenaz hazten ditut

              Sabel eta zintzurra...

              Jainko onak eman bezat

              Irauteko indarra!...

       (Gaphelua atheratzen du burutik.)

       Xanxiñ kantaz hari delarik, muslariak hurbildu dire eta inguratu dute. Hirriz eta eskuzartaz onhartzen dituzte Xanxiñen phersuak eta gero denek errepikatzen, zenbeit hitz kanbiaturik.

MAIDER:

              Hauxet da ostalerra!

              Airos, gizen, gothorra.

              Berak dion hiñeraño

              Othe dugu alferra?

              Ez bide zajo edanez

              Hola pixtu sudurra?

              Zer larderi derabillzkan?

              Gantzak hautsi athorra!...

              Ez egiñ ahal urhatsik

              Gohor baitu hezurra!

              Hau da gizon zuhurra?

              Maiz atxikitzen baduzu

              Zinzur hori idorra,

              Emanen dautzu Jainkoak

              Irauteko indarra!...

 

 

BORTZGARREN AGERRALDIA

 

Berak — Katixa

 

(Jargi gurpilldun batian sehiek
errestatzen dute Katixa farnesiatua.)

 

KATIXA: (Xanxiñi) Bethi bera izanen zare zu: Lan eziñ bururatuzko bat egun izanki eta, hemen zaude, zu, laguntzarik eman gabe —ez neri ondikotz!— bañan ez eta ere ahizpari eta sehieri! Ederrago laiteke zureganik lanari lotzia zure bizioen gorestia baño! Aski ezagutuak ditutzu.

MAIDER: O! Ama.

XANXIÑ: (umillki) Ez ditake hirri pixka bat egiñ?

XALBAT: (hirriz) Hé! Hé!

PATZIKU: (trufant) Bai zera?

KATIXA: Entzuten ditutzu?

XANXIÑ: (asarratua bezala) Hola balitz ere? Ene etxian naiz, eta petrenitzen dut nahi dutanaren egitia, jabe naizen tokian... Ah!...

       Amatxi, suhardura gorrian, sartzen da.

 

 

SEIGARREN AGERRALDIA

 

Berak — Amatxi

 

AMATXI: (boz garratzez, betezpalak tinkaturik) Zure etxian diozu? Erradazu berritz?

XANXIÑ: (ahalkatua) Amatxi!

AMATXI: Erradazu oraño zure etxian zarela!...

XANXIÑ: Gurian...

AMATXI: (fuliatsu) Ene etxian zare —aditzen nauzu?— eta ezpalire hauk (erakhusten ditu Maider eta Katixa) etzintezke oren bat gehiago hemen egon. Asia naiz, lephoraño, zu bezalako alfer handi baten haztiaz! Zu bezalako zirzill baten!...

XANXIÑ: Amatxi!

AMATXI: Nola? Botilla bethetzerat igorri eta, bezperetarik lekhora prest izan gaitezen, hemen atzematen zaitut espantuka hari?

XANXIÑ: Ba othe dakit... nik... botilla bethetzen?

PATZIKU: (hirriz) Hori... etzizautan gogoratuko...

       Kantatzen du.

              Manatu bazindu

              Botilla husteko

              Etzen hunako...

DENEK:

              Etzen hunako.

PATZIKU:

              Egizazu kondu

              Xanxiñen gustuez:

              Botilla hustuez

              Ez du axolarik.

DENEK:

              Ez du axolarik.

XANXIÑ: (arraiki)

              Ez dut axolarik.

XALBAT: (Amatxiri)

              Emotzu betherik.

AMATXI — MAIDER — KATIXA:

              Betherik? Betherik?

XALBAT:

              Emotzu betherik:

              Duzu ikhusiko,

              Ehunka husteko,

              Ez dela holako

              Bertze langillerik

              Hunat agertuko.

XANXIÑ: (narrioki)

              Ekatzu betherik:

              Duzu ikhusiko,

              Ehunka husteko,

              Xanxiñ bezalako

              Bertze langillerik

              Ez dela hunako.

BATIAN DENEK:

              Emanez betherik,

              Dugu ikhusiko,

              Ehunka husteko,

              Xanxiñ bezalako

              Bertze langillerik

              Ez dela hunako.

AMATXI:

              Nun ikhus holako

              Ez axolaturik?

MAIDER:

              Ez da gizon gaixtua.

KATIXA:

              Gazte danik haurtua.

AMATXI:

              Zer? Ez axolatua?

              Bañan eskerrak daizkot bihurtzen

              Haurtasun hortaz egiñagatik.

              Ezpalitz hola izan haurretik

              Haur maitetto hau neria ez baitzen.

DENEK:

              Arrazoñekiñ ditu bihurtzen

              Bere eskerrak haur handi horri,

              Ezpalitz goizik ergel erori

              Amatxirena Maider ez baitzen.

XANXIÑ:

              Arrazoñekiñ ditu bihurtzen

              Bere eskerrak Xanxiñ gaizuari:

              Ezpalitz goizik ergel erori

              Amatxirena, Maider ez baitzen.

PATZIKU: (gizoneri) Guazen gure hamarrekotarat

XALBAT: Egizue ni gabe. Banua aldarerat ene gizonekiñ.

PATZIKU: (Xanxiñi) Hi, beraz.

XANXIÑ: Bardiñ. Atsegiñ egiteko.

AMATXI: (harritua) Nola? Arras sorrajo zare beraz?

PATZIKU: (hirriz) Aski... Aski... Hua hire botilletarat. Emaztekiak eta Xalbaten langilliak aldarerat doazi.

KLARA: Bazatoz, Maider?

       Katixa etxian sartzen dute.

MAIDER: Guazen.

 

 

ZAZPIGARREN AGERRALDIA

 

Amatxi — Xalbat — Xanxiñ

 

       Gibelian gizonak. — Aldarian emaztekiak, nexkatxak, haurrak eta Xalbaten laur langille.

XALBAT: Banua lanerat.

AMATXI: (Xanxiñi) Eta zu?

XANXIÑ: Bai... bai... Ez ditake zurekiñ hatsik ere har! Of!

       (Sartzen da.)

 

 

ZORTZIGARREN AGERRALDIA

 

Amatxi — Xalbat — Maider (aldaretik)

 

AMATXI: Zer Kurutzia?

XALBAT: Botazazu lurrerat.

AMATXI: (hirriz) Lagunduko nauzu alxatzen...

XALBAT: Nik?

AMATXI: Ba. Orai, Maider handitua daukat. Agindu dautzutan bezala, orai duela sei urthe, harena aldaratu eta niri asma dezaket.

XALBAT: (harritua) Zuri?

AMATXI: (hirri borxatu batekiñ) Zertan zaude? Ahantzi dukezu nik agindua?

XALBAT: Ahantzi? Ahantzi?

MAIDER: (zulubitik) Xalbat! Zato! Zure beharra banuke lore zenbeiten ezartzeko. — Ez naiteke hel... Xalbat (Amatxiri) Diozunaz, gero mintzatuko gare, Gaxuxa. (Badua.)

AMATXI: Zer derabill goguan? Bozkarioak nahasi othe dio burua?

       Burua dudetan higitzen du harat eta hunat eta etxian sartzen da. Sukaldian ageri da baten eta bertziaren manatzen. Neskatuak iragaiten dire, eskuak baxera garbiz betherik. Bertze sehi batzuek botilla betiak ematen dituzte mahañ baten gañian.

 

 

BEDERATZIGARREN AGERRALDIA

 

Maider — Xalbat

 

       Emaztiak eta nexkatxak hari dire soka arrimatzen paxetetan. Xalbaten langilliek paxetak landatzen dituzte, haurrek belhar eta lore hostuak bidian metatzen dituztelarik.

MAIDER: (ezpel soka bat Xalbati ematen diolarik)

       Kantatzen du.

              Jautsazazu ezpel hori

              Oihalaren gañ gañetik.

XALBAT: (zurubirat igaiten delarik ezpela harturik)

              Bai. (Itzatzen du ezpela.)

MAIDER:

              Abantzu naiz erori

              Astian zure zurubitik.

XALBAT: (alegeraki)

              Zu, Maider, gure lanetan?

MAIDER:

              Zertako ez, batzuetan?

       (Zangotan duen otharre batetik helarazten diozka Xalbati arrosa xuriak.)

MAIDER:

              Orai, lau arrosa xuri.

XALBAT: (arrosak ixkilimekiñ lotzen dituelarik)

              Ezpel ferde, oihal gorri,

              Arrosek Maider iduri.

MAIDER: (hirriz)

              Ikhasi duzu koplaka?

       (arrosa hañitz, gorri eta xuri, ematen diozka)

XALBAT:

              Xo! Arrosak bat banazka.

MAIDER: (urhundik lorien ederbideari behatzen duelarik)

              Urhe, gorri, xuri, ferde!

XALBAT:

              Maider heltzen bada, gorde...

MAIDER: (boza eztiturik, ematen diozka arrosa gorriak)

              Gorri-gorriak gañ hartan.

XALBAT:

              Baditutzu ezpañetan

              Hauk bezain kolore dunak.

MAIDER: (hirri ttiki batekiñ)

              Nun dabillza erostunak?

XALBAT: (zaldiz zurubiaren gañian)

              Ixtaklok bada bat hemen

MAIDER: (boza oraño eztituagoa)

              Egia ezpada: Amen!

XALBAT: (zurubitik jausten da baratxe)

              Eta erran baut egia?

       Maiderrek burua aphaltzen du deus ihardetsi gabe. Xalbatek azpitik behatzen diozka begiak.

XALBAT:

              Erakuts eni begia!...

       Maiderrek eztiki behatzen dio eta, eskua pixka bat dardaretan, bere golkhotik khendu eta, eskaintzen dio arrosa bat Xalbati.

MAIDER:

              Hor duzu azken arrosa.

XALBAT:

              Maider ez hunenzat lotsa...

       (Ixiltze labur bat.)

XALBAT:

              Arrosa hunen tokia

              Ez da bertzekiñ, maitia...

              Etsitzeko da, nun nahi zuk bilduaren uztia:

              Hobe zaut daukan hazia

              Heze delarik bilzia.

MAIDER:

              Mintzo zitzaizkit garbiki,

              Bañan enetzat ez aski.

              Zer sentimendu sorthu den zure ariman... banaki.

              Aithor nautzuke hobeki

              Nerian zoin zaitan ibillki.

XALBAT:

              Ezda hitz aski argirik

              Zuretzat berex nukenik

       (eskua bihotzaren gañian)

              Gorri zintazke, beriala, hunek diona entzunik...

              Jakiñen duzu lehenik

              Zure bihotzak erranik.

MAIDER:

              Iduritzen zait naizela

              Xori xoro bat bezala.

              Josten ditutzun hitzetan ez utz holako itzala...

              Siñetsiko dut berzela

              Doi doia maite nauzula.

       (Xalbatek eskuak hartzen diozka. Arrosa esku tinkatuen artian dago xutik.)

XALBAT:

              Ba maite zaitut, ene arrosa...

MAIDER: (bere burua Xalbaten besoari utzia)

              Orai naiz, Xalbat, orai urosa!

       Muslariek denbora hortan partida akabatu dute. Urhuntzen dire beha zauzin gizonak. Patzikuk sosak billtzen ditu eta oihu egiten Amatxiri.

PATZIKU:

              Amatxi!... Zato!

AMATXI: (barnetik)

              Berehala.

 

 

HAMARGARREN AGERRALDIA

 

Berak — Amatxi

 

       Amatxi atheratzen da etxetik zalu, bañan ikhusten dituenian bi amorosak, beren amodioan galduak, eziñ garhaituzko oñhazi batek korropillatzen dio bihotza. Izkiritu izigarri bat egiten du eta bortxatua da mahañ bati atxikitzerat ez lurrerat gateko.

AMATXI: (izkiritu bat) Ah!...

       Patziku xutitzen da eta, xutitziarekiñ, Xalbat eta Maider ikhusten ditu eskuak gurutzaturik.

PATZIKU: To! To! To!

       Maiderrek ere entzun du izkiritua eta behatzen du nundik heldu den. Orduan ikhusten du Amatxi, xuri-xuria.

MAIDER: (lasterka Amatxirenganat) Amatxi! Amatxi! Zer duzu? Osaba zato!...

       Patziku hurbiltzen da. Amatxi flakatua bezala dago. Maider, izitua, oihuka hari da barnekueri.

       Ama! Maria! Zatozte!

       Neskatuak heltzen dire, gero Katixa; azkenik Xanxiñ

AMATXI: (atzartzen balitz bezala) Zer da? Zer gerthatu da?

MAIDER: (loriatua) Amatxi gaixua, sofritzen zinduen?

AMATXI: (boz gohor batez) Nik sofritaen? Ah! ah! Sofri dezaket bada nik? Emazte othe naiz sofritzeko?

MAIDER: (Amatxi besarkaturik) Amatxi, koloriak gan zauzkitzu...

AMATXI: (borthizki, bere alabatxiaren besotarik atheratu eta) Utz nezazu! (Sehieri): Eta zuek zer hari zaizte? Ez duzue lanik aski ditudaneri ohartu gabe? Zuazte zuen egitekoerat!

       Xanxiñ agertzen da, dabantal urdiñ bat soñian eta botilla erdi bat eskuan, ezpañak xukatzen dituelarik.

AMATXI: (Xanxiñi) Athera zaite ene bixtatik! Botillak utzatzu eta zuazi norat nahi.

       Xanxiñek beriala, bere dabantala khendurik, hartzen ditu igandetako gañekua eta gaphelua ezkaatzian, eta badua, athorra mahunka has, elizako alderat, bidian iragaiten direnekiñ. Katixa, ixilik sartzen da etxian.

AMATXI: (Patzikuri) Zenbat botilla ditutzue?

PATZIKU: Lau, eta lau kafe...

AMATXI: Hiru libera eta lau sos.

PATXIKU: (sosak ematiarekiñ) Oritzu.

       Amatxi, dabantalaren sakolan sosak sarthu eta, sartzerat dua. Bidian, Maiderrek, nigarrak begietan, geldiazten du.

MAIDER: (eztiki) Amatxi...

AMATXI: Maltzurra!

       (Sartzen da.)

 

 

HAMEKAGARREN AGERRALDIA

 

Maider — Patziku

 

       Agerraldi hau eta bertzia iragaiten direlarik, bethi bidetik elizako alderat baduazi jendiak, igandetako jauntzkuretan pro sioneko gazteria galtza zuri, gerriko se; da, athorra loratuetan batzuek ere badituzte buruko lore dunak galtzetan xilinxak etc.

MAIDER: (nigarrez) Maltzurra? Zer maltzurkeria egin diot bada nik, osaba?

PATZIKU: (trufaz) Bere arnorat ura eman, dudarik gabe.

MAIDER: Zerbeit badu. Jakiñ nahi dut.

PATZIKU: Ez beldurrik izan. Aski goizik jakiñen duzu.

MAIDER: Mirikua behar balu, osaba?

PATZIKU: (hirriz) Beharrago luke zurgiña!

MAIDER: (iziturik) O! Kutxaren egiteko? Ez da hortan!...

PATZIKU: Kutxa ba... Bizien kutxa: Buhurdia mihisiekiñ.

MAIDER: Etzaitela trufa, osaba. Egiazki pairatzen du, Amatxik, eta, preseskí ni hoin dohatsu naizenian... Zertako hori?

PATZIKU:

              Urhia eta zoriona

              Behar dire ongi zaindu:

              Batek beretzen duena

              Bertziari hartzen omen du.

              Ez baiditazke gizonak

              Aberats eta dohatsu

                     Izan denak...

              Maider! Maider! Egiñ kasu,

                     Orai eta sarri,

              Egungo zorionari.

MAIDER:

              Izituko naiz, osaba...

PATZIKU:

                     Beharba!

              Zurekiñ atxik dukezu...

              Hoinbertze dohañ ditutzu:

              Gazte, pollit, maitagarri...

MAIDER: (osabaren erraneri asmatzen duelarik)

              Kasu, orai eta sarri,

              Egungo zorionari...

              Behar dire ongi zaindu

              Urhia eta zoriona...

              Batek beretzen duena

              Bertzeri hartzen omen du...

       (osabari)

              Hartu othe dut norbeiti?

PATZIKUK: (ihardetsirik ez eman nahiz)

              Bihotz bero, bisai ezti...

              Hoinbertze dohañ ditutzu:

              Zurekiñ atxik dukezu!...

MAIDER:

              Ez baiditazke gizonak

              Aberats eta dohatsu

                     Izan denak...

              Maider! Maider! egiñ kasu...

       (iziturik)

                     Ene zoriona

                     Hill nahi duena

                     Hor nunbeit dabill...

                     Hemendik hurbill?

PATZIKU: (berritz)

              Urhia eta zoriona etc.

MAIDER: (batian)

                     Ene zoriona

              Beharko dut ongi zaindu (etc.)

       Biek bardiñ kantatzen dute eta iragaiten dire hejako alderat; Xalbat biderat heltzen zaiote.

 

 

HAMABIGARREN AGERRALDIA

 

Patziku — Maider — Xalbat

 

XALBAT: Amatxik zer zuen?

MAIDER: Maltzurra erran daut!

XALBAT: Zuri?

PATZIKU: Bo! Iraganen zaio duen hisia!...

       Ezkillak jotzen hasi dire. Teatrian diren jende guziak baduazi elizarat. Maider aldaratzen da, harrasiaren gañian utzi zuen mantaliñaren hartzeko.

XALBAT: (Patzikuri baratxe) Ez da flakatu?

PATZIKU: Bai! bai! Antolaatzik gauzak bezperak erran arte. Bertzenaz, gaizki zuak, muthill, hire hauzia...

       Maider hurbilldu da.

PATZIKU: Gaurgoiti, jaun erretorak bere xantria berantetsia duke. Kexa gaitzen. (Badua aitziña.)

MAIDER: Gurekiñ zatoz, Xalbat?

XALBAT: (baratxe) Ez, ene maite maitia. (Gorago) Hemengo lanak behar ditut akhabatu.

       Maider badua, kongregazioneko nexkatxekiñ. — Ez dire zenbeit hastapeneko emazteki eta Xalbaten langilliak baizik gelditzen.

 

 

HAMAHIRURGARREN AGERRALDIA

 

Zenbeit emazteki — Xalbaten langilliak — Xalbat

 

XALBAT: (langillieri) Zuazte zuek ere bezperetarat. Proasioniarekiñ itzuliko zaizte eta hemen baratuko, aldariaren urratzeko eta pusken sartzeko.

LANGILLE BATEK: Ongi da.

       (Baduazi langilliak.)

 

 

HAMALAURGARREN AGERRALDIA

 

Emaztekiak — Xalbat

 

       Orai, emaztekiak hari dire ihi eta lore barrajatzen bidiaren gañian. Biek hedatzen dute oihal hertxi xuri bat. Azkenik, mihisiak bidiaren barneko aldetik sokheri estekatzen. Bidia, orai, arras gordia da eta emaztekiak ez dire ageri.

XALBAT: (bakharrik)

       Xalbatek duda liphar bat badu. Gero harrasiaren gañetik jauzi egiten du eta sartzen da ostatuko barrokian, diolarik:

       Guazen aintziñat! (oihu) Gaxuxa!

 

 

HAMABORTZGARREN AGERRALDIA

 

Xalbat — Amatxi

 

       Amatxi etxetik atheratzen da baratxe, itxura hitxian. Itzultzen da ezkaatzian, begien xukatzeko, Xalbatek ikhusten ez duelarik, zeren, Amatxi agertziarekiñ, Xalbatek, ahalkez, bere burua itzuli baitu.

AMATXI: (boz idor batez) Zer nahi duzu?

XALBAT: Badakizu orai zertako ez dautzutan aixtian ihardetsi. Ez nuen uste aspaldiko erranetaz orhoitzen ziñela.

AMATXI: Ez gezurrik... Eztut nik deus ahanzten eta ene hitza bethi eta nor nahirenzat atxiki dut. Ez nuen, nik, uste, Xalbat, kanbiakorra ziñela.

XALBAT: Kanbiakorra? Amatxi...

AMATXI: Amatxi?... Ene zaharzeko ematen dautazu izen goiti hori? Eztut nahi enzun! Ez naiz gihiago nihoren Amatxi. Zuk ebatsi dauztatzu ene amodioa eta ene alabatxia. Hau atxikazu, bertzia zangopian ibilli eta.

XALBAT: Zoin garrazki minzo zaren! Barkhamendu galdetzen dauzut. Uste izan dut maite zintudala. Gaztiak engana ditazke. Gero ezagutu dut zuretzat naukan sentimendua eta amodioa bia zirela. Zure alabatxia ikhusten nuen egun guziz handitzen eta edertzen: Haurra zelarik maitagarri, nexkatxa egiñ eta maitagarriago! Zu ezagutziarekiñ Maider ezagutu dut, zuk maitatziarekiñ Maider, nik ere maitatu dut eta... pixkaka... pixkaka... ikhustiarekiñ Maiderrek ama bat bezala maite zintuela, zu, iduritu zait eni ere — nahiz abantzu zure adiña dutan — ama bat bezala behar zintudala maitatu. Barkhaguzu bieri. Ez dugu deus egiñ amodioaren sorraazteko!... Bera ethorri zauku.

       Kantatzen du.

              Amodioa sartu da gutan

              Uda berriko gau eztietan

              Zure gerizan gindauzilarik...

              Egunez egun, guk jakiñ gabe,

              Gathe lehena porroskaturik,

              Gure bihotzez egiñ da jabe...

 

              Ene ahotik etzen oraño

              Aingeru horren beharriraño

              Erre ziozaken hitzik alxatu...

              Eta astian, eztakit nola,

              Gure eskuak dire tinkatu

              Amodioak nahi bezala.

AMATXI:

              Ez aitzakirik enetzat billa...

              Hitz eztitzeko zare abilla.

              Nik ere ditut zure ahotik

              Aspaldi enzun...

XALBAT:

                                      Gaxuxa!

AMATXI:

                                                  Hatik!

              Ez naiz zuk uste

              Duzun emazte

              Trufatzen dena...

XALBAT:

                                       Bañan...

AMATXI:

                                                    Ez zaizte

              Ostatu huntan biak sartuko:

              Ez zu, ez hura!

XALBAT:

                                    Ez dut holako

              Nahirik izan. Bien hazteko

              Nihau azki naiz. Ez! Diruari

              Behatu banu, etzait iduri

              Maiderrenganat ganen nintzala.

AMATXI:

              Oh! Xalbat! Xalbat! Bihotz ahula!

       Amatxik «Ez aitzakirik enetzat billa» kantatzen duenian, ezkillak berritz hasten dire, proasionia atheratzen delakotz elizatik.

XALBAT:

              Amodioa, guk jakiñ gabe,

              Gure bihotzez egiñ da jabe.

AMATXI:

              Ez aitzakirik enetzat billa...

              Hitz eztitzeko zare abilla.

XALBAT:

              Ene ahotik etzen oraño

              Aingeru horren beharriraño

              Erre ziozaken hitzik alxatu.

              Eta, astian, eztakit nola,

              Gure eskuak dire tinkatu

              Amodioak nahi bezala.

AMATXI:

              Zure ahotik etzen oraño

              O Xalbat! ene beharriraño

              Beizik holako hitzik alxatu...

              Eta astian, ikhusiz nola

              Zuen eskuak ziren tinkatu

              Hor flakatu naiz haur bat bezala.

       Bere burua phausatzen du paxet baten kontra eta nigar egiten du.

 

 

HAMASEIGARREN AGERRALDIA

 

       Orai enzuten dire teatriaren gañian proasioneko soñulariak: Trunpeta, atabal eta xirolak. Gero Gizonak.

GIZONAK: (hastapeneko kantika)

              Yesus on illki zauku aldare barnetik etc.

DENEK:

              Zer mirakullua! etc.

       Soñulariak teatrian iragaiten dire, nexka ttikien ondotik. Mihisien gañetik ageri dire banderak, gizon aphainduen harmak, noizian behiñ buruko loredun bat edo bertze, atabal nausiaren makhilla. Gero kongreganisten bandera xuria, agertokiaren erdian baratuko dena arrosa hostuak airian, ageri ez diren haurrek bothatzen dituztenak; azkenik, pabillunaren lumak, baidoazi hejaren gibeleraño eta han baratzen.

NEXKATXEK:

              Heda oihal xuriak bide bazterretan.

              Gure gorphutzak eman falda xurietan.

              Artik jainko jaunari lore xurienak

              Hoin xuri egiñ detzan gizonen arimak.

              (Denek) Zer mirakullua! (etc.)

       Nexkatxek kantatzen dutelarik, Xalbat hurbilldu da proasionerat, kongregazioneko banderari buruz. Mihisiak aldaratzen ditu pixka bat eta Maider, banderaren alxatzallia, artetik ageri da.

       Benedizioneko xilinxak egiten du bere soñu ariña. Denak belhaunikatzen dire, eta gero xutitzen.

PATZIKU: (Kantatzen du)

              Zer mirakullua! etc.

       Denak jarraikitzen zaizko eta proasionia aintziñat doa.

 

 

HAMAZAZPIGARREN AGERRALDIA

 

       Xalbaten langilliak sartzen dire eta nexkatxak gan orduko, aintziñeko mihisiak khentzen dituzte, emaztekiek lagundurik. Orai bidia ageri da. Proasionia ezaun da, urruntzen delarik. Elizako bidetik sartzen da: Lehenik haurrak, gero nexkatxak, gero gizon aphainduak, gero arrosa artikhitzalliak; haukien bi sahetsetarik gizon aphainduak oraño. Ezkillak bethi hari dire, eta hola estalkia jautsi arte.

       Urrunxko gizonek kantatzen dute.

              Jesus ona illki da (etc.)

       Urrunxago Nexkatxek:

              Heda oihal xuriak (etc.)

       Aphezak eta pabilluna agertu gabe, jausten da agertokiaren estalkia.

 

ZATHI LEHENAREN BURURANTZA

 

 

BIGARREN ZATHIA

 

Toki berian eta oren baten buruan.

 

 

LEHEN AGERRALDIA

 

       Xalbaten langilliak eta Xalbatek aldaria barraiatzen dute eta phazotak atheratzen dituzte. Emaztekiek mihisiak billzen eta malgutzen. Untziak eta aphaindurak beren etxetarat erematen. Ostatuko sehiek, aldiz, dafallak hedatzen dituete gibeleko mahañen gañian eta, exkerretarik, asto batzuen gañian, mulxatzen botilla arno eta limonadak.

       Amatxi, arras ilhundua, gemen handirik gabe hari da sehien manatzen, sukaldeko leihotik, eta zalu sartzen da.

 

KANTARIAK:

              Unzi, belus, oihal fiñak,

              Lore zillarrez egiñak;

              Ogi buru, mahats mulkho

              Aldare huntan zauztenak

              Jainkuaren ohoratzeko,...

              Orai, lehengo kutxetan

              Sarthuko zaizte betbetan,

              Eta, egun beziñ frexko,

              Bertze besta berrietan

              Zaizte argirat illkiko.

              Unzi, belus, oihal fiñak,

              Lore zillarez egiñak,

              Ogi buru, mahats mulkho,

              Zauzte orai beziñ frexko

              Heldu den urtheko.

       Urruntzen dire. Bi emazte eta bi langille badaudez. Xalbat jarraikitzen da bere bertze gizoneri eta hejan sartzen dituzte aldare eta phazotak.

       Amatxi agertzen da ezkaatzeko athian.

 

 

BIGARREN AGERRALDIA

 

Berak — Amatxi

 

LEHEN EMAZTIAK:

              Amatxi? Zure untziak

              Norako diren... errazu.

AMATXI:

              Untzirik ez dut.

BIGARREN EMAZTIAK:

                                     Behazu.

              Aldarian diren guziak

              Zuk eskañiak ditutzu.

LEHEN LANGILLIA:

              To! Amatxi ez orhoitzen.

LEHEN EMAZTIAK:

              Etzajo ba maiz gerthatzen.

AMATXI: (ez horturik)

              Ezar atzu sellaruan.

BIGARREN EMAZTIAK: (harriturik)

              Hor bai! Nor nahik hausteko!

AMATXI: (zainhertsu)

              Nahi dukezun xokhuan

              Ez naiz orai hortarako...

LEHEN EMAZTIAK: (etxia erakusten diolarik)

              Hor ongi ditazke naski...

AMATXI: (nardatua)

              Jainkuatz! Jainkuatz! Jainkuatz! Aski!...

       Amatxi gan da, asmatsuturik atheladaraño eta ez da handik mugitzen.

 

 

HIRURGARREN AGERRALDIA

 

Berak — Bañan Amatxi ixilik eta Xalbaten langilliak,
ostatuko sehiekiñ eta emaztiekiñ araldatuak.

 

EMAZTIAK: (aphal)

              Izan behar du zerbeit goguan

              Unzi haukien arbujatzeko.

              Etzen agertu nihoiz holako

              Trenpu xoruan.

GIZONAK: (eskarnioz)

              Baditazkela gure munduan,

              Dirua lekhat, gauzarik asko

              Indar hobenen atzarrazteko

              Duke buruan.

       Denek gizonen kopla errepikatzen dute. Amatxi aitziñatzen da eta malzurki lehen koplako bortz phersu azkenak kantatzen dituzte.

              Unzi, belus, oihal fiñak etc.

       Amatxi begiz jarraikitzen zajote, aldare alderat doazilarik, eta, batere ohartu gabe, badoha berritz ere athaladaren alderat.

 

 

LAURGARREN AGERRALDIA

 

Maider, nexkatxak eta nexkak bezperetarik itzultzen dire.

Berak — Maider — Klara — nexkatxak.

 

KLARA:

              Zer begitartia daukazun, Maider.

              Besta egunian etzauku eder

              Gure lagunik maitatuenak

              Ilhun detzan gau illhunak.

MAIDER: (hirri erkhaitz batekiñ)

              Ez naiz ni, orai, aixtian nintzana?

KLARA:

              Argi eta legun, kantutto batekiñ

              Nola doan urhandia,

              Zuk ere zinduen, arrai eta ariñ,

              Jarraiten zure bidia...

              Bañan, zimurtzeko harek aski baitu

              Iñare baten hegala,

              Xori beltx bat deia zutan pulunpatu

              Uraren barnian bezala?

MAIDER: (hunkitua)

              Ez: Xori xuri bat hasi da kantatzen

              Kaiola hetsi batian.

              Haren bozaz hurbill zitakenik etzen

              Oraño gure artian.

              Eta behazue nahasi ez naizen

              Xori horren enzutian.

NEXKATXAK:

              Idekazu kaiola,

              Xori hoi gan dadila

              Lehen zagon tokirat.

              Holako boz ederrik

              Etzazula zutarik

              Berritz utz hurbilzerat...

              Gazteriak behardu

              Hirriz burua galdu,

              Sekulan atsekabez:

              Beraz kanta dezagun

              Eta ez gorri egun

              Bi begiak nigarrez.

KLARA:

              Laster hor dire soñulariak.

NEXKATXAK:

              Egungo zaja xuriak

              Etxian utziren ditugu.

              Eta, aldatu orduko,

              Brixt batez gare hunako.

              Biba gu! Maider! Biba gu! —

       Maiderrek eztiki behatzen diotelarik, eskuz esku ematen dire, nexkatxak, eta itzulika inguratzen dute, kantatzen dutelarik.

              Biba gu! Maider! Biba gu! —

       Nexkatxak urruntzen dire. Emaztiak eta Xalbaten langilliak aldareko azken puskak deramazkate. Xalbat agertu da doi doia hejako athian eta Maiderri behatzen dio; bañan Amatxi itzuli baitzen, nexkatxak dantzan hari zirelarik, Xalbat gordetu da.

 

 

BORTZGARREN AGERRALDIA

 

Amatxi — Maider

 

       Maider, etxerat sartzeko hiñian. Amatxi aintziñatu da eta begien erdirat behatzen dio bere alabatxiari.

MAIDER: (izituxia) Asarre zare óraño, Amatxi?

AMATXI: Badut zeren. Hola eskolatu zaitut bada nik?

MAIDER: Zer nahi duzu erran?

AMATXI: Hau kopeta!

MAIDER: Zertako mintzo zare hoin garrazki? Bazindaki zer bihotzmiñ deramatan proasionerat!

AMATXI: Ez othe zaut aingeru bat hari? Uste duzu, ziñez, begirik eta zentzurik eztudala? Noiztik, zure amaren eta nere ixilik. Xalbatek burua nahasten edo itzultzen dauzu?

MAIDER: (harritua) Ikhusi gaitutzu?

AMATXI: Etzen gaitz! Ahalkagarriak zuek! Denen bixtan!

MAIDER: Gaizki egiten ginuen?

AMATXI: Etzazula bada bildotx itxura hori har enekiñ? Eztakizu neskeri zillegi etzaiotela mutillen solas eztieri beharriaren ematia burasoen aitziñian baizik? Eta zu?... Zer itsuskeria!

MAIDER: (eztiki) Nork asma zezaken zeletatzallerik bazitakela?

AMATXI: (muthiriki) Etzaituztet zeletatu! Ausartak zuek: Etzaizte zeletatzekuak! Aski zabalik zuen bihotzak hedatzen ditutzue... O!... Orai arte, zenbeit aldiz astirokiago ahantzi ahal zaizte holako hitzketa galgarrietan!... Nola erastatu naukezuen!...

MAIDER: O! O! Zu, Amatxi? Hoinbertze maite izaki eta nik irriztatu behar zintudan... eta zergatik? Egia da Xalbatek ez dautala hitzik aiphatu egun arte... Eta... eztakit nola menturatu ahal den, astian erran dauzkitanen erraterat. Eta nik nola ihardetsi diot? Siñets nezazu, Amatxi maitia: Garhait etzitaken indar gorde batek bat bertziarenganat egotzi gaitu...

AMATXI: (samiñki) Hola? Lipar batez? Gizon gazte baten hatsak berak xoratu zaitu? Ez eni holakarik saka! Aspaldian balakatua eta liluratua zare, xorittua! —

MAIDER: (histurik) Zein dohakabe naizen zure damuztatziaz egite ustekabezko horrengatik: Jakiterat gaitzetsiko zinduela, ez nituen diozkatzun beharriak idekiko Xalbatez zinituen laudorioeri.

AMATXI: Nik?

MAIDER: Nola haur erorkor eta herbal bat egon zitaken, zuk hoinbertze prezatzen zinduena prezatu gabe?

       Kantatzen du.

              Etzen zuretzat bertze gazterik

                     Herri guzian,

              Xalbat zurgiña bezalakorik!

                     Haren sortzian

              Ausarki zaizkon aztiak eman

                     Dohañ leherra:

                     Beso hazkarra

                     Lanaren kharra

                     Gorphuz ederra...

              Etzitzaioken hutsik hatzeman!...

              Eta ni, orai, holako

              Solasak utzi orduko

              Beharritik bihotzerat

              Bat banazka erorzerat...

              Othoi! Amatxi zertako

              Hoinbertze higuñtzen nauzu?

       (eskuak harturik)

              Othoi! Othoi! Erradazu!...

       Amatxik borthizki urruntzen du. Maider dago bere tokian, irainztatua.

AMATXI: (borthizkiago)

              Ixilik zaude, malzurra.

              Iduri eta elderra

              Zure ahottuak gezurra

              Bethi danik badario.

              Hitzetan amultsuenak,

              Lausengutan gozoenak,

              Hirrietan eztienak

              Etzauzkitzue kario...

              Bañan badakit oraitik

              Zer pekatu bihotzetik

              Behar nuken, zuengatik,

              Deus bazindute balio...

MAIDER:

              Prezatzen nauzu itsura...

AMATXI:

              Malzurra! Maider! Malzurra!

MAIDER: (nigarrez)

              Amatxi, behazu

              Ene nigarren gezurra!

       Xalbatek, nigarrez ikhusten duenian, sartzen da.

 

 

SEIGARREN AGERRALDIA

 

Amatxi — Maider — Xalbat — Katixa (leihuan)

 

XALBAT:

              Amatxi, barkha ezozu.

AMATXI:

              Zertan sartzen zare zu?

XALBAT:

              Ni naiteke hobendun!

KATIXA:

              Gaxuxa? Zer dun? Zer dun?

              Bakia gan da hemendik...

              Zerk ganazazidu?...

MAIDER: (eztiki)

                                           Nik! —

XALBAT:

              Ez zuk eta ez nik

              Ez dugu hobenik...

       Berritz kantatzen du lehen zathi hamaborztgarren agerraldiko kantua.

              Amodioa sarthu da gutan

              Uda berriko gau eztietan.

XALBAT ETA MAIDER:

              Zure gerizan gindauzilarik.

              Egunez egun, guk jakiñ gabe,

              Gathe lehena porroskaturik

       Gure bihotzez egiñ da jabe...

AMATXI: (Maiderri)

              Amodioa agiñtzen zautan

              Jaun hunek berak sei urthe huntan

              Ene gerizan zindauztelarik...

              Egunez egun, nik jakiñ gabe,

              Gathe lehena porroskaturik

              Zure bihotzaz egiñ da jabe.

       Hiruek batian errepikatzen dute.

AMATXI: (fuliatsu)

              Amodioa agiñtzen zautan.

              Jaun hunek berak sei urthe hautan!...

MAIDER: (harritua)

              O! Xalbat! Xalbat! Zer egiñ duzu?

AMATXI:

              Zuri bezala hitz eder batzu

              Hoinbertze urthez erran onduan,

              Hori egiñ daut. Etzen munduan

              Zuetaz kanpo maita nukenik...

              Eta zuetaz behar dut ba, nik,

                     Hola pairatu?

MAIDER:

                                         Barkhatu.

              Nik ez nakien.

       Patziku eta Xanxiñ sartzen dire.

AMATXI:

                                    Gezurti txarra!

 

 

ZAZPIGARREN AGERRALDIA

 

Berak — Patziku — Xanxiñ

 

XANXIÑ: (kantaz)

              Zer derabillkate hor?

PATZIKU:

                                           Uharra!...

MAIDER: (bere osabarenganat hurbildurik)

              Badakit orai zertako

              Izitu naizen osaba!

XANXIÑ:

              Itsuskeri bat iñ dako

              Haur hunek, huni, beharba?

              Zer da ba, Maider? Holako

              Amatxi dautzutanian

              Berezi sor egunian

              Etzauzke ba belhauniko

              Ezpañik ideki gabe?

       (Katixa erakustiarekiñ.)

              Hau laneko ahalgabe...

PATZIKU: (hitza hausten diolarik)

              Hi berritz lanak unhatzen...

XANXIÑ: (ezpalu enzun bezala)

              Hola bauzu sariztatzen!...

PATZIKU:

              Utzak hortan, Llarru, hire predikua.

XALBAT: (hastiatuki)

              Ziñez... eman zaio!...

PATZIKU:

                                            Ez duk hau lekhua!

AMATXI: (Patzikuri)

              Ematen diozu, Maiderri eskua?

PATZIKU:

              Ez batek, ez bertziak ez duzue hutsik:

              Bihotzen heztallia —haur itsu bat omen—

              Berriki, hegalka, phausatu da hemen.

              Zer egiñ zitaken hari buruz? Deusik.

              Bakharrik aski da denen itzulzeko:

              Semetxi, osaba, illoba, amatxi,

              Adixkide, koñat, anai, alabatxi...

              Denak on baitzaizko.

       (Amatxiri)

              Ez amor eman mendekuari:

              Haur itsua hor hirriz da hari!...

AMATXI: (saminki) Hoin botheretsua delakotz, ezniozaken erran haur itsuari kanporat gan zadiela! — Bañan etxeko andre bainaiz ni hemen, eztut onhesten jaun anderetto haukiek bethe dezaten ene egoitza beren zorionaz. Har bezate beren amodioarenzat bertze lekhukorik.

MAIDER: (othoiztuz) Amatxi! Amatxi!

AMATXI: (idorki) Aski zinkuriñ! Lanian badakizu. Zure erhiek irabaziko dauzkitzute behar ditutzunak.

XANXIÑ: Eta gu? Katixa eta ni?

AMATXI: Katixa alabarekiñ... Zu, giza gaizua lanerat. Xalbatek zur karraiatzalle bezala ahal duke zure doia.

XANXIÑ: Ez dut baitezpada lan hañitz behar denboraren iragaiteko.

PATZIKU: (hirriz) Hori!...

XANXIÑ: Horra, Maider, zer dakarkaten zure balentriek!

XALBAT: Gure ezteiak aitzinatuko ditugu, Maider.

MAIDERREK: (gogoetan baitzagon bertziak mintzo zirelarik) bihotz jauzi bat badu Amatxiren alde.

MAIDER: Etzaitut beraz ikhusiko, Amatxi?

AMATXI: Ez zuk eta ez bertzek. Ostatuaren atxikitzeko kharra gan zait. Denak salduko ditut eta ganen naiz, han bakharrik bizitzeko, xokho galdu batetarat.

PATZIKU: Amatxi! Amatxi! Etzaitela mendeka!

AMATXI: (izkiritu dolorotsu batekiñ) Zer egiñ behar dut bada? Denen asetzeko baizik ez nintzen! Nihork ez nau maitatu!

MAIDER: Nik! Nik! Eztut nahi paira dezazun. Zurekiñ bizi nahi dut, eta Xalbatek trabatzen bazaitu, Xalbat utziko dut zurekiñ egoteko!

XALBAT: (samiñki) Ez bide da zure amodioa beroenetarik! Zer? Zuri jarraikitzeko utzi ditut Amatxi eta Amatxiren ontasunak eta holako eskerrak bihurtzen dauzkidatzu?

MAIDER: (xoratua) Xalbat! Xalbat! Ergeltzen hari naiz! Zu ala Amatxi: nor behex dezaket? Eta, orai, biek enetzat dituzte beren laiduak! Ama! Ama! Zuk bederen badakizu Maiderrek eztuela ixendurarik.

       Badua lasterka, hipaka, bere amaren besoetarat.

KATIXA: Zato eneganat, haur maitia. Ez naiz ni maite ditutzunetaz bekhaiztuko... Amak ez dire bekhaizten.

       Biak besarkhatuak daudez.

 

 

ZORTZIGARREN AGERRALDIA

 

       Proasionian aphaindurik zauden gizonak sartzen dire, xirolari eta atabalariak aitziñian. Gibeletik, gizon emazte eta haurrak. Exkerretako atheladatik sartzen dire Maiderren adixkidiak, beren jauntzkura igandetakuetan. Maider, oraño xuriz aphaindua, sartzen da etxian eta agertzen da balkoñean leihuen idekitzeko. — Gero, bere gelako barne leihuak hesten ditu.

       Harrasiaren eta ostatuko alkien gañian jartzen dire ikustalliak. Zenbeit hejako paretari bizkharrez daude.

       Dantzak hari direlarik, Kantariek diote:

              Hor dire soñulariak (bis)

              Jo zazue gora dantzariak!

              Hor dire soñulariak (bis)

              Jo zazue, neska gizon gaztiak

              Ariñki lerra zaitezte...

              Ariñki jauzi egiñ...

              Izanez gai eta gazte,

              Ariñki josta behiñ...

       (Jo goiti ariñ-ariñ)

              Adiñ hortan, nihork ez du zangarretan miñ!

              Hor dire soñulariak (etc.)

       Gero muxikuak eta azkenik denek fandango.

FANDANGO:

       Fandangotan hari direlarik, Kantatzen dute zenbeitek.

              Bizia den bezala harzak, muthilla!

              Zelajez bethi ez badabilla,

              Etzokala zoroki makhurrik billa,

              Baditik oren eztiak...

              Hobenez egun,

              Goza dezagun,

              Bihar zatozkek bertziak...

              Bizia den bezala harzak mutilla:

              Ez gaitut gaizki hasiak.

 

 

BEDERATZIGARREN AGERRALDIA

 

       Danzak akhabatu onduan, gizonak ostatuko atharian sartzen dire. Ilhunziria jausten da. Sehiak, Xalbaten langilliek lagundurik, pixten dituzte gabargi benezianoak eta kapenako gaphiriotarik dilindan ematen.

       Patziku, Xanxiñ eta Xalbat jartzen dire lehen mahañaren inguruan. Bertze gizon eta emaztiak erdian, heja aitziñian eta athariaren gibelian. Haurrak eta nexkak harrasiaren gañian.

LEHEN GIZONAK: Maria!

BIGARREN GIZONAK: Amatxi! Edaterat!

LEHEN GIZONAK: Hunat arnua!

       Oihu, arramants, izkiritu, deiadar, eskuzafla, makhill ukhaldi mahañen gañian. Sehien hirriak.

       Amatxi, bethi goibel: agertokiaren sarkhuran dago, mahañ baten gibelian. Sehieri zathikatzen diozkite galdetzen dituztenak.

       Maider agertu da balkoñian doidoia eta itzalian berritz sarthu, Xalbatek behatzen duelarik.

LEHEN GIZONA: (Patzikuren mahañetik hurbill) Errak to, Llarru? Behar hituzke bi phersu eman besta hunen ongi akhabatzeko eta Aisek ihardets lioketek!

XANXIÑ: Ba, llagun! Emadak edatekua eta kantatuko dauiat gau guzia, bardiñ. Badiat, zuzenki, behar bezalako amodioaren gañian zerbeit erran nahirik.

PATZIKU: (hirriz) Ongi zuak, hi bahau atxikitzalle!

XANXIÑ: (begiak zerurat) Aileza bertzerik!

       Behatzalliak hirriz.

PATZIKU: Ikhusiko diagu. Bizkitartian, iduritzen beitzaitak nola eta zoin aldetarat airatuko den hire kantua —xori eder— nik enzunaraziko diat bertze xixturik. Bazterrekueri hoberenaren hautatzia!

PATZIKU: (Kantaz)

              Bi neskatilla muthill berari nunbeit jarraikitzen zaizko.

              Bat aberatsa, bertzia pollita: Zoin othe du hautatuko.

              Llarru baladi, gure muthillak ez luke dudarik asko:

              Moltsarengatik, jo liotzake pollitari laur ostiko!

       Amatxik, harrituxia, burua alxatzen du eta aditzen ditu persulariaren koplak.

BEHATZALLIAK: (oihuka) Hiri Llarru! Hiri!

       Llarruk, lehenik edaten du trago bat, lehen gizonak eskañirik, xukatzen ezpañak esku bizkarrez eta hasten da.

              Gure herriko panpiñak

              Kardatx idorrez egiñak,

              Athera gabe hagiñak,

              Pixten ditu ezkontmiñak.

BEHATZALLIAK:

              Hola gaitza!

LLARRU:

              Oi! Galtzadun panpiñ gazte,

              Guganat hurbill zaitezte,

              Gaitezen senhar emazte:

              Pazkoz aitziñ Mendekoste!...

BEHATZALLIAK:

              Brabo! Brabo! (Eskuzaflak.)

PATZIKU:

              Bazterreko mutzurdiñak,

              Zaphar idorrez egiñak,

              Galdu eta letagiñak

              Pixten ditu bihotz miñak

BEHATZALLIAK: (hirriz)

              Hori duk! Hori duk!

PATZIKU:

              Galtzadun ollar, ollaxko,

              Egizue kokoriko:

              Gurekiñ zaizte biziko

              Alfer, gizen eta frexko!

BEHATZALLIAK:

              Emak hor, Aise!

LLARRU:

              Oi panpiñak! Ikhus gero:

              Hamar bat haur lerroz lerro;

              Tripa hotzik, hortzak bero.

              Marrumari hoik nork harro?

BEHATZALLE BATEK:

              Talo eta esniak!

LLARRU:

              Prestu egon baziñezte

              Azken hortzak egiñ arte,

              Ezkontza hori, nik uste,

              Hoin karats etzindukete!

BEHATZALLIAK:

              Biba Llarru!

PATZIKU:

              Zenbeit urtheren buruan,

              Ez gaituk naski zeruan!

              Sosak iretsi lerruan,

              Hasi zorrak inguruan.

              Eta zuk, ollo gizena,

              —Zirzill izatia eztena!—

              Ahantzi ere, zer phena!

              Kokorikoren izena...

       Behatzalliak hirriz eta eskuzaflaka.

LEHEN GIZONAK: Aise nagusi duk.

       Irrintziñak gibelian.

       Amatxi hurbilltzen da Patzikurenganat.

AMATXI: Patziku, borthizki mintzatu zare, bañan sanoki. Kantatu ditutzunak asmatu ditut lehenxago, eta, gañerat, ezagutu dut egiazko amodio baten galzerat nindoala, nitarik eta ene urthetarik urrundu denaren aztaparkatzeko. Zer? Eskatu eta, ez ardiesteko. Zuk erakutsiari ihardesten diot. Aski hortan. Ez naiz kukullduko eta ttikituko hobendun ezditakenari barkhatuz.

       Oihu egiten du balkoñaren alderat.

       Zato, Maider!

       Maiderrek, Amatxiren boza ezagutziarekiñ oihu ttiki bat egiten du eta saltzen da bere gelan.

 

 

HAMARGARREN AGERRALDIA

 

Berak — eskas Maider

 

AMATXI: (Xalbati) Zuk eragiñ duzu etxe huntan egiazko oñhaziaren lehen hazia. Enetzat hartzen dut iraka, eta bihi garbia zueri uzten. Maiderrek eztu pairakunderik behar. Nik badakit zer diren ziñak eta miñak... Bat gihiago jasanen dut.

       Maider hor da.

 

 

HAMEKAGARREN AGERRALDIA

 

Berak — Maider

 

AMATXI: Barkhatzen dautzuet, nahiz edo ez nahiz, egiñ dautazuen miña... Maitha zazue elgar...

MAIDER: (Amatxiren besoetan)

              Amatxi!

       (Elgar besarkatzen dute.)

AMATXI:

              Bai, Amatxi! Ene haur maitia...

              Izen hori, orai hoin eztia,

              Zuk dautazu eman lehenbixi...

              Gozo zautan zuganik: Amatxi!

              Eta geroz, hemen edozoñek...

              Gazte, zahar —Katixa! zeronek—

              Dautazue lothu izen bera...

              Ez bainauket nihundik athera.

              Zahartu nau, tenoriak jo gabe...

              Bai, Amatxi — Gaxuxaren jabe —

              Bathajoko izen bat egiñ zen:

              Amatxi naiz bethiko gelditzen...

       (eztikiago)

              Maider! Xalbat! Noizpeit dathorrenak,

              Entzun eta ditudan izenak,

              Ez izanik ene alabatxi,

              Deituko nau hark ere: Amatxi!

KATIXA: (leihotik)

              Ez da zeruan saindurik

              Amatxi bezalakorik.

XANXIÑ: (arraitua)

              Munduan ez da etxerik

              Guria bezain atxikirik.

PATZIKU:

              Ezta herrian alferrik

              Llarru bezain dohatsurik.

MAIDER ETA XALBAT: (batian)

              Millesker gora. Millesker zuri.

              Gure barnerat duzu ixuri

              Nihork ez daukan beraztasuna.

              Gure bihotzek, egun hoin hertxi,

              Badute bardiñ lekhu, Amatxi,

              Ohaztatzeko zure izena!

PATZIKU:

              Gure aitonen kantuak

              Ziren zenzuz hanpatuak.

              Zioten: Gutaz ezkaitezilla

              Izan sobera hartuak.

              Mundu huntako frutuak

       (Baitziren)

              Baitzin balsan metatuak:

              Bakotxak hetaz zeramatzala

              Onak eta hirotuak.

       Denek kantatzen dute berritz kopla hori, eta baduazi athera toki guzietarik.

 

 

HAMABIGARREN AGERRALDIA

 

Amatxi — Maider — Xalbat — Xanxiñ —
Patziku — Katixa (leihuan) — Lehen gizona (ténor)

 

       Sehiek billtzen dituzte botillak, eta gabargiak iraungitzen.

       Xalbat eta Maider elkarri beha dauzi.

       Patzikuk eskua hartu dio Amatxiri, indar emateko.

       Xanxiñ bere andriarenganat gan da eta harekiñ leihuan dago, bañan kanpoko aldetik. Maider badua, ixurbaturik, bere gelarat, bere zorionaren gordetzeko.

PATZIKU: Guazen Xalbat!

XALBAT: (eztiki) Gau on. Bihar arte, Gaxuxa!

PATZIKU: Ba. Jainkuak dizula gau on.

       Amatxik buruz ihardesten diote.

       Patziku, Xalbat eta lehen gizona baduazi eta urhuntzian kantatzen dute:

       Bizia den bezala hartzak muthilla (etc.)

 

 

HAMAHIRURGARREN AGERRALDIA

 

       Amatxi, eta berehala Maider balkoñian arrosa billtzen, bere gelako ama birjinaren oñetan emateko.

       Gizonen bozak guttitzen eta galtzen dire.

       Hillargia agertzen da eta, haritz hostuen arthetik, argitzen du Amatxiren begitarte etsitua.

       Orduan, emazte dohakabiari iduritzen zajo, holako hustasun izigarriari buruz, erroitz hondorik gabeko baten aitziñian dagola; burzorak zangoen gañian itzulazten du eta erorazten alkhi batetarat, diolarik:

 

       O! Jainko! Jainko ona!

 

       Maiderrek uzten ditu, bat banazka, erortzerat Amatxiren begitarteraño bildurikako arrosen hostuak marmaritziarekiñ, berazki:

 

       Amatxi!. Amatxi!

 

       Hostoak, baratxe-baratxe, jausten dire, estalkia ere jausten delarik.

 

BURURANTZA

 

Bidarten 1913ko Urriaren 19an.

ETIENNE DECREPT